ATAUBIZU zerbitzua

Ataubizu eguneko arreta-zerbitzua da, egoitzarako/bizilekurako laguntza-zerbitzuarekin eta pertsonek bizimodu independentea egiten laguntzeko beste zerbitzu batekin osatzen dena.

Edukien taula

Gabezia pertsonalak eta harreman-gabeziak direla eta, gizarte-bazterkeriako egoeran dauden pertsonen gizarteratze-premiei erantzutera bideratuta dago zerbitzua. Esku-hartzea banan-banan egiten da, erabiltzaile bakoitzari egokituta. Kasu batzuetan, ingurune hurbileko pertsonak ere sartzen dira.

Oro har, kronikotasun-maila handiko egoerak izan ohi dira, eta gizarte-laguntzako eta laguntza psikosozialeko intentsitate ertaineko edo handiko neurriak behar dira haiek asetzeko, baita konplexutasun txikiko osasun-zaintzak ere (tratamenduekiko atxikipena sustatzea, laguntzea, oinarrizko sendaketak, erizaintzako ikuskapena eta terapia espezializatua).

Beraz, laguntza eta arreta zuzeneko espazio bat eskaintzen da, malgua, hurbilekoa, segurua eta intentsiboa. Espazio hori gizarteratzera eta arriskuak eta kalteak murriztera bideratuta dago, eta balio-aniztasuna eta iraupen luzea ditu ezaugarri. Garatzen diren esku-hartzeek ikuspegi hezitzaileak, asistentzialak, terapeutikoak eta laguntza psikologikokoak konbinatzen dituzte, bai modu independentean bizi diren pertsonentzat, bakarrik edo babesgabetasun larriko egoeran dauden familia-nukleoetan, bai narriadura nabarmeneko kasuetan aldi baterako edo behin betiko egoitza-irtenbideak behar dituzten pertsonentzat. Helburu nagusia da pertsonak beren ohiko ingurunetik aldentzea saihestea edo, hala badagokio, kontaktu hori ahalik eta lasterren berreskuratzea erraztea.

Ekintza norberaren bizitokian edo erabiltzaileak bizi daitezkeen ingurune normalizatu batean, egunero elkarreragiten duten komunitatean edo Uribarrin kokatutako bizitegi-espazio osagarri batean egin daiteke. Esku-hartzearen helburua da pertsonak aukeratzen dituen eguneroko jarduerak modu pertsonalizatu eta independentean egitea erraztea, autonomia handiagoa sustatzeko, betiere erreferentziazko profesionalarekin koordinatuta.

Laburbilduz, bizi-kalitatea hobetzera bideratutako zerbitzua da, independentzia, autonomia eta autodeterminazioa sustatuz. Gainera, aukera-berdintasuna bermatzea eta parte-hartze soziala sustatzea du helburu, gizarte-bazterkeriako, edozein motatako indarkeriako eta/edo isolamenduko egoerak desagerrarazteko, harremanen ikuspegitik. Hori guztia banakako tratuarekin eta erabiltzaileen erabakiak ahalik eta gehien errespetatuz egiten da, ahal den guztietan.

Helburuak

  1. Erabiltzaileen autonomia pertsonala mantentzea edo sustatzea, bizimodu independente baterako prozesuak babestea edo desgaitasun- edo mendekotasun-egoeretarako trantsizioak prestatzea.
  1. Gizarteratzeko funtsezkoak diren premia jakin batzuetan modu intentsiboan eta jarraituan esku hartzea eta laguntzea.
  1. Garapen pertsonala, gaitasunak, trebetasunak eta bizi-esperientzia positiboak sustatzea, bizitoki-laguntzarekin edo gabe.
  1. Komunitatean integratzeko eta parte hartzeko aukerak ematea, zerbitzu komunitarioak erabiltzea eta inguruko kultura-, gizarte- eta jolas-jardueretan parte hartzea erraztuz, edo gizarte- eta osasun-zerbitzu egokietara bideratuz.
  1. Familia-, komunitate-, gizarte- eta laguntza-sareak indartzea eta mantentzea bultzatzea, bakarrik bizi diren eta isolatzeko arriskuan dauden emakumeei arreta berezia eskainiz.
  1. Familia- eta komunitate-inguruneko narriadurari aurrea hartzea, eta krisi-egoerak edo eskubideen urraketak saihestea, ekonomikoak zein bestelakoak.
  1. Bazterkeria-egoeran dauden pertsonentzako egoitza- edo ostatu-zerbitzu batean sartzea edo bertan egotea saihestea, laguntza egokiekin beren etxean edo eskura duten bizitokian bizimodu independentea egin dezaketenean.
  1. Pertsonak modu autonomoan bizi daitezkeen etxebizitzetarako sarbidea erraztea, dela egoitza-zerbitzu batean sartzea saihesteko, dela desinstituzionalizatzea gomendagarria denean, laguntza-maila kronikotasun- eta autonomia-irizpideen arabera egokituz.

Biztanleria hartzailea

Bizkaiko Lurralde Historikoko pertsonak:

  • gizarte-bazterketako egoeran,
  • pertsona-, gizarte- eta harreman-eremuan narriadura larriak dituztenak,
  • eta kronikotasun-maila altuekin,
  • eguneroko bizitzako hainbat alderditan zailtasunak dituztenak,
  • edo autonomia galtzeko arriskuan daudenak, bizi-kalitateari eusteko baliabiderik ez dutelako, hainbat zirkunstantzia direla medio (fisikoak, psikikoak, substantziak kontsumitzea edo eskubideak ez baliatzea).

Honelakoak izan daitezke:

  • modu independentean bizi diren pertsonak,
  • edo bizitegi-ingurune partekatu batean laguntza behar duten talde espezifikoak (Communal Housing First delako ikuspegia),
  • edo, arriskuak eta kalteak murriztearen ikuspegitik, Ataubizuk, eguneko hainbat arreta-modalitateren bidez, beren bizi-kalitatea hobetzeko prestazioak eman diezazkiekeen pertsonak.

Esku-hartzeko eredua

Egiten den esku-hartzea pragmatikoa da, gaitasunetan oinarritua, bizi-kalitatea hobetzera bideratua, eta arriskuak eta kalteak murriztera bideratua. Esku-hartze humanista, sistemikoa eta erlazionala da. Eguneko arretaren esparruan egiten da, batez ere, eta askotariko laguntzak eskaintzen ditu, hala behar izanez gero, egoitza-/bizitoki-laguntza edo ohiko bizilekuko laguntza barne. Esku-hartze parte-hartzailea izan nahi du ingurunearekin, komunitate-izaerakoa, ikertzailea, errespetuzkoa eta aukera berrien sortzailea denboran luza daitekeen lotura baten bidez. Hori guztia koordinazio oso eta etengabean egiten da bigarren mailako arretako erreferentziazko profesionalekin (eta lehen mailakoekin, hala badagokio) eta komunitate-ingurunearekin.

Zerbitzuaren helburua da pertsonari ahalik eta autonomia handiena ematea, bizi-kalitatearen funtsezko alderdiak hobetuz, hala nola ongizate materiala eta fisikoa, garapen pertsonala eta eskubideen garapena, autodeterminazioa, autoerrealizazioa eta gizarteratzerako aktibazioa. T4 Elkartearen berezko SOFT eredua sisteman, behaketan, entzutean eta elkarrekiko eraldaketan oinarritzen da. Gainera, alderdi emozionalak eta afektiboak funtsezko elementutzat hartzen ditu emaitza eraginkorrak eta kalitate handikoak bultzatzeko.

(*) Harremanetarako laguntza-sareari/testuinguruari ahal den neurrian eusteko, eta erreferentziazko profesionalekin koordinatuta, prestazio jakin batzuk unean-unean eskaini ahal izango zaizkie erabiltzailearen mendeko pertsonei, haiekin bizi direnei edo bitartekaritzan edo bitartekotzan esku hartu behar dutenei (bizitzaren amaierako kasuetan, atsedenaldiak, bisitak, oporrak edo egokitzat jotzen eta adosten diren beste egoera batzuk prestatzeko edo gozatzeko).