Printzipio nagusiak

Berdintasunaren arloko ekintza gidatzen duen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legean ezarritakoa aipatzeaz gain (hala nola aniztasunaren errespetua, aukera-berdintasuna eta ordezkaritza orekatua, besteak beste), jarraian berdintasunean oinarritutako jardunbidea bideratzen duten printzipio nagusiak deskribatzen dira:

PARADIGMA FEMINISTA

Planak gidatzen duen printzipioetako bat feminismoa da, pentsamendu feministaren ildo guztiak eta haren dimentsioak barne hartuta. Teoria eta praktika politiko gisa, feminismoak aukera ematen du emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak eta diskriminazioak nola eta zergatik gertatzen diren azaltzeko eta ulertzeko, feminismoak sorreratik egindako lanaren hausnarketa filosofikoa eta herentzia aitortuz.

GENERO-IKUSPEGIA

Azterketa- eta lan-metodologia gisa, aukera ematen du emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunei ekiteko, emakumeen aurkako diskriminazioa ikusarazteko eta haren aurka egiteko. Horrez gain, emakumeen eta gizonen behar eta interes desberdinak sitematikoki hautemateko balio du.

INTERSEKZIONALITATEA

Ekintza-proposamen integratzaileagoak eta konplexuagoak eskatzen ditu, eta desberdintasunak ez dira identitate-gai bakar baten ondorio. Desberdintasun-iturriak, hala nola sexu-orientazioa, genero-identitatea, etnia, adina, dibertsitate funtzioala eta jatorriak, besteak beste, pertsonen errealitatea zeharkatzen duten elementuak dira.

EMAKUMEEN AHALDUNTZEA

Printzipio hau ezinbesteko baldintza da berdintasuna lortzeko. Hori dela eta, emakumeen ahalduntzea Planaren printzipio orientatzaile bat da. Emakumeen ahalduntzea hainbat mailatan (pertsonalean, kolektiboan, sozialean, eta politikoan) gertatu behar duen helburua, tresna eta prozesua da, eta hainbat eremutatik (politikotik, instituzionaletik, erakundeetatik, gizartetik, eta herritarretatik) lagundu behar zaio. Emakumeen bizi-kalitatearen hobekuntza emakumeen ahalduntzearekin estuki lotuta dago.

SOFT T4 EREDUA

Ereduak filosofia praktiko integral bat hartzen du, eta, haren arabera, pertsona erdigunean dago, inguruan daukan aniztasun guztia kontuan hartuta. Errespetuzko eta afektibitatezko harremanak ez ezik, tresna egokituak eta indibidualizatuak sustatzen ditu.

DOKUMENTUAK

T4-k Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Plana egiteko erabili dituen erreferentziazko dokumentuak.

3/2007 LEGEA, martxoaren 22koa, emakumeen eta gizonen berdintasun eraginkorra lortzekoa (Gorte Nagusiak)

4/2005 LEGEA emakumeen eta gizonen berdintasunerakoa (Eusko Legebiltzarra)

Emakumeen eta gizonen berdintasunerako estrategia 2010-2015 (Europako Batzordea)

EAEko emakumeen eta gizonen berdintasunerako VII. plana (Eusko Jaurlaritza)