BIDERATZEN programa

nork bere buruari laguntzeari eta sexualitate osasungarriari buruzkoa

Tabla de contenidos

Nork bere buruari laguntzea

GIBa duten pertsonek erronkak dauzkate hainbat faktore direla-eta. Bizi-itxaropena luzeagoa izan arren, gaixotasun kronikoei eta luzaroko zaintzei aurre egin behar dizkiete. Horrez gain, estigma soziala pairatzen dute, eta baliteke lagunekin eta senideekin harremanak galtzea. Eta, etxegabetasun-egoeran badaude edo sustantziak kontsumitzen badituzte, egoera are zailago bihurtzen da. Baliteke horrek guztiak bakardade-sentimenduak eta arazo emozional eta sozial larriak eragitea. Zailtasun horiei heltzeko, diziplina anitzeko esku-hartze espezializatua behar da. Funtsezkoa da osasunaren ikuspegi positiboa eta komunitarioa hartzea, eta hainbat ezaugarri sustatzea, hala nola esker ona, autoeraginkortasuna, erresistentzia edo enpatia.

Behar konplexu horiek behar bezala asetzeko, autobabes-programa hau garatu da. Prebentzio positiboan, esku-hartze komunitarioan (ikuspegi biopsikosozialetik abiatuta) eta Aktiboen Ereduan oinarrituta dago.

Helburua

Programa honen bidez lortu nahi dugun helburu nagusia da GIB-hiesarekin bizi diren pertsonen eta haien hurbileko pertsonen bizi-kalitatea hobetzea, osasunaren ikuspegi komunitariotik lan eginez.

Metodologia

Autolaguntzaren filosofiatik eta Aktiboen Eredurik abiatuta, autonomia eta ongizatea sustatzen dira, autokudeaketan, konfidentzialtasunean, esperientzia komunak partekatzean, hezkuntza-helburuan eta norberaren erantzukizuna onartzean oinarritutako banakako eta taldeko prozesu baten bidez.

Laguntza hiru eremu nagusitan ematen da: jokabide- eta prebentzio-laguntza, laguntza emozionala eta laguntza soziala, esker ona, autoeraginkortasuna, erresistentzia eta enpatia sustatuz.

Jarduerak

  • BANAKAKO LAGUNTZA GIBa duten pertsonei
  • AHOLKULARITZA, AURREZ AURREKOA EDO BIRTUALA, GIBa duten pertsonei, senideei edo hurbilekoei eta, oro har, herritarrei.
  • AISIALDIAREN ETA KULTURAREN TALDE-DINAMIZAZIOA KOMUNITATEAN.
  • ELKARRI LAGUNTZEKO TALDEAK GIBa daukaten pertsonen artean.

Sexualitate osasungarria

T4 Elkartearen historian zehar eta kulturan, oinarrizko gaia izan da sexualitate osasungarria, atsegina eta norberarekiko eta besteekiko errespetuzkoa sustatzea.

Osasun publikoarekin lotutako erakundeetatik, buru-belarri aritu gara kalteak eta arriskuak nabarmentzen, eta, alde batera utzi dugu sexualitateari eta gizonen eta emakumeen arteko harremanei buruz hitz egitea balio eta aberastasun kultural gisa. Frogatu den bezala, jokabideen ondorioak azpimarratzea soilik, autonomiarako edo afektuen adierazpenerako gaitasunen garapena sustatu gabe, ez du laguntzen gizonak eta emakumeak aniztasunarekiko kontzienteak eta errespetuzkoak izaten. Hori dela eta, T4n gure jarduera dibertsifikatu nahi dugu, osasunarekin lotutako eremutik haratago joateko, eta kultura, harremanak eta jolasa kontuan hartzen duten eremuetan murgiltzeko.

Gure ustetan, hor datza sexu-hezkuntza egokia sutatzeko gakoa. Hezkuntza horretan, gizon eta emakume gisa aitortu behar dugu geure burua, eta, identitate horretatik abiatuta, besteak aitortu behar ditugu, aniztasunaren eta errespetuaren balioaz jabetuta. Ondorioetatik abiatuta lan egiteak (STIak, aniztasunarekiko fobiak, genero-indarkeria, bullynga…) aniztasunean eta desberdintasunean zer garen eta zer ekartzen dugun aintzat hartuz eta balioetsiz lan egiteak baino eragin txikiagoa eta ez hain eraginkorra du. Izan ere, norberarekiko eta besteekiko tratu ona sustatzeak aberastasuna eta ongizatea sortzen laguntzen du.

Biztanleria orokorrari eragiten dioten gai horiez gain, bizitegi-espazio bat dugu, non narriadura soziosanitario nabarmena duten emakumeak eta gizonak artatzen diren. Haien artean, gizarte-estigmatizazioak eta genero-estereotipoek eragindako desberdintasunek eragin nabarmena dute sexu-biografian, gizarteratzean eta sexu-ohituretan.

Helburua

Hona hemen programa honekin lortu nahi dugun helburu nagusia: sexualitate osasungarria, atsegingarria eta adeitasunezkoa sustatzea, nork bere burua zaintzearen, harreman horietan arriskuak eta kalteak murriztearen eta errespetuaren ikuspegitik.

Metodologia

Gure proposamenak, aniztasuna onartzeaz gain, aniztasuna sustatu, baloratu eta azpimarratzea du helburu. Bakarka, taldean zein komunitatean lan egiten dugu, gure sexu-historiaren jakinduria (gutako bakoitza moldatzen duena, alegia) lantzeko espazioak eta aukerak sortzeko eta zaintzaren eta ongizatearen kultura garatzeko. Hori lortzeko, metodologia hau erabiltzen dugu:

  1. Ikerketa eta ulermena, pertsonen, taldeen eta komunitateen behar eta errealitate espezifikoak kontuan hartzen dituen ikuspegi inklusiboa eta errespetuzkoa hartu ahal izateko.
  1. Komunitatearekin lankidetzan aritzea. Horretarako sareak ezartzen ditugu erakunde eta lider komunitarioekin, sexualitate osasungarria sustatzen duten jarduerak diseinatzeko.
  1. Frogetan oinarritutako prestakuntzaz eta hezkuntzaz baliatzea, informazio zehatza, objektiboa eta aurreiritzirik gabea ematearen garrantzia azpimarratuz, pertsonei beren sexualitatea modu osasungarrian ulertzen eta esploratzen laguntzeko.
  1. Hezkuntza-material inklusiboak sortzea, gure komunitatean dauden askotariko beharretara moldatzeko.
  1. Genero-berdintasuna eta aniztasuna sustatzea. Horretarako, genero-estereotipoei heltzen diegu eta berdintasuna eta aniztasuna sustatzen ditugu sexualitate osasungarriaren prebentzioarekin, hezkuntzarekin eta sustapenarekin lotutako dauzkagun jarduera guztietan. Adostasuna, elkarrekiko errespetua, diskriminaziorik eza eta identitate eta orientazio sexualen aniztasuna onartzea nabarmentzen ditugu.
  1. Prebentzioari buruzko baliabideetara sarbidea erraztea, praktika sexualetan arriskuak eta kalteak murrizteko.
  1. Eskubideen ikuspegitik abiatzen gara, eta pertsona guztiek bizitza sexual osasungarria, segurua eta atsegingarria, diskriminaziorik eta indarkeriarik gabea, izateko eskubidea dutela aitortzen dugu./li>
  1. Ikuspegi holistikoa hartzen dugu, sexualitatea pertsonen bizitzaren zati integraltzat hartzen baitugu, osasun fisikoaren, emozionalaren eta sozialaren beste alderdi batzuekin lotuta. Osasun sexualaren ikuspegi integrala sustatzen dugu, ongizate emozionala, pertsonen arteko komunikazioa eta autozainketa barne hartzen dituena.
  1. Etengabeko ebaluazioa, gure esku-hartzeen eragina neurtzeko eta abian dauzkagun jarduerak hobetzeko.

Jarduerak

  • Prestakuntza-, ikerketa-, sentsibilizazio- eta/edo prebentzio-guneak ANTOLATZEA EDO HORIETAN PARTE HARTZEA
  • Banakako, taldeko eta komunitateko INFORMAZIO- ETA PREBENTZIO-EKINTZAK
  • INFORMAZIOA ZABALTZEKO KANPAINAK
  • Biztanleriaren sexualitatearekin lotutako informazioari, portaerei, jarrerei eta trebetasunei buruzko IKERKETA
  • Beste erakunde eta pertsona batzuekin SAREAN LAN EGITEA